Zertarako jaio naiz?

Beasainen jaio nintzen 1967an. Behin, 11 urte nituelarik, Txindokira begira zegoen sukaldeko balkoian, nire bizitzako lehenengo ausnarketa egin nuen: - Zertarako jaio naiz???? Eta supituan, nire aurrera agertu zen Merlin Aztiaren itxurako batek esan zidan: - Yogako irakasle eta ipuin kontalari izateko. - Zer egin behar dut? - Galdetu nion berriz ozenki. - Entzun arreta handiz: kazetaritzako ikasketak egin behar dituzu Bilbon; antzerki eta telebista munduan murgildu zaitez interpretazioko, distribuzioko eta komunikazioko lanak jorratuz. Gutxien uste duzunean herensuge beldurgarri batek leizezulo ilun eta laiotz batetan gordeko zaitu. Borrokarako indarrik ez duzula sentitu arren, aurre egin behar diozu herensugeari ezinbestean eta, bere barnean gordetzen duen argizko bola lortu. Yogako tresnak erabili garaile izateko! Argizko bolak gidatuko zaitu yogako munduan barrena, harik eta zure eskuinetara bidezidor estu-estu bat ikusi arte.

Segituan iturri bat aurkituko duzu. Bertatik edan. Hortik sortuko dira zure lehenengo hitzak. Zure lehenengo ipuinak. Hori bai, ustekabean, basa pizti amurragarriren bat azaltzeko arriskua dago. Hortaz, azti ibili eta konfidantza osoa izan argizko bolarengan. Harek gidatuko zaitu aurrerantzean, beti-betiko! A ze AZTIA!!! - pentsatu nuen. - Etxoin!!! Ez zen ba Merlin bera izango??? Baina zer egiten du Merlinek Euskal Herrian?? - Ondoren, meriendatzen jarraitu nuenBeasainen jaio zen 1967an. Kazetaritzako ikasketak egin zituen Bilbon eta Eguna astekarian hasi zen lanean. Ondoren, aurkezle gisa ETBko Teletxip saioan. Antzerkirako jauzia egin zuen 1990ean eta 1997ra arte Bilboko Maskarada Antzerki Taldearekin aritu zen; segidan JP Producciones eta Tanttaka Teatroakin. 2003an Teatrorat sortzen du, antzerki taldeak banatuz. Zenbait filmetan ikusi dugu: Kutxidazu bidea Ixabel, Zorion Perfektua, Izarren Argia edota Goenkale telesailean. Ipuin kontalari gisa haurrentzako saio desberdinak prestatu ditu: Txoritxo batek esan dit, Amamaren Magalean, Haizearen Mezua eta Ipuinondo. YOGA gorputza luzatzeko asmoz egiten hasi bazen ere, harekin lortzen duen barne orekak txunditzen du. Naradeva Yoga Eskolak Segovian duen Ashramean egingo ditu yogako ikasketak. 2012tik aurrera Donostiako Egia auzoan yogako eskolak ematen ditu (Drukpa Zentroa, Tejeria kalea, 28). Gehiago: www.maitearrese.com